Monumentuak

Monumentuak

San Migel parrokia

320x162

Eliza gotikoa, bitan zatitutako nabe bakarra duena; abside poligonala du eta kanpoko kontrahormak zabalak dira; hareharri harlanduzko baoak ditu, moldurekin landuak. Mendeetan zehar, aldaketarik egin gabe gorde da bere tamaina txikia, bertako komunitatea oso egonkorra izan den seinale. Jasan duen aldaketa bakarra XVI. mendean egin zen: lehendik zegoena altxatu egin zen eta, ondorioz, nabeei altuera handiagoa eman zitzaien. Eliz ataria geroago gehitu zitzaion, eta XX. mendearen hasieran berritu zen; gauza bera gertatu zen kanpandorrearekin, altuera handiagoa eman zitzaion eta kupula neogotikoa gainean ezarri.

Udaletxea

320x162

Irurako udaletxe zaharra eraikin xumea zen, baserrien itxura berberekoa: bi teilatu-hegal, harrizko hormak, harlanduzko leihoak, zuriz margotutako paretak, e.a. Ez zen alde handirik nabaritzen. 1984 urtean berritze lan handia egin zen; hormak, leihoak eta sarrera nagusia besterik ez ziren mantendu. Eraikina gehiago altxatu zen, lau teilatu-hegal egin zitzaizkion, barrualde guztia berregin zen, leiho eta balkoi berriak ireki ziren, armarriak jarri ziren, e.a. Obra hauek guztiak gaur egungo materialekin egin ziren, baina itxura tradizionala mantendu nahi izan zen. Emaitza hauxe izan da: eskualdeko ohiko estetika islatzen duen eraikin berria.

Laskibar baserria

320x162

XVIII. mendean eraikitako baserri bikaina. Oinplano angeluzuzena duen eraikina da, bi teilatu-hegal ditu eta fatxada ikusgarria da nagusi. Nabarmentzekoak dira atariko puntu erdiko bi arkuak, kareharri harlanduzkoak eta bazter-zokoetan irtenguneak dituztenak. Etxeko eskantzuak (izkinak) harlanduzko kateatuak dira; baoek harlandua dute inguru osoan, irtengunetxo batzuekin. Harlanduzko inposta lerro batek bereizten ditu eraikinaren solairu desberdinak. Armarri heraldikoa, ongi landua, fatxadaren erdi-erdian da nagusi. Erdi Aroaren amaieratik aurrera hasi ziren orubea (etxea) aipatzen, baina gaur egun ezagutzen dugun eraikina XVIII. mendeko obra barrokoa dugu.

Agerre baserria

320x162

Baserritik haranaren ibar osoa ikus daitekeela nabarmendu behar da. Irurako eraikinik zaharrenetarikoa eta garrantzitsuenetarikoa da. Euskal baserrien lehen belaunaldikoa da, XV. mendearen amaieran edo/eta XVI. mendearen hasieran eraikia; garai honetakoak dira fatxada nagusiko beheko solairuaren hormak eta ogiba-arkua. Aipamen berezia egin behar zaio goiko solairuen egurrezko egiturari, XVI-XVII. mendeetan egindako berrikuntzen ondorio izango dena; Euskal Herrian zuraje-lanen abilezia zein puntutaraino iritsi zen erakusten digu horrek.

Garbitoki publikoa

320x162

Gipuzkoa mailan, burdinaren arkitekturaren elementurik nabarmenenetakoa da. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran burdina barra-barra erabiltzen hasi ziren eraikuntzan; material berri honen erabilerak iraultza eragin zuen arkitekturaren munduan: fabrikak, geltokiak, zubiak, e.a. eraiki ziren. 1889 urtean eraikitako garbitoki honek arintasunez nahasten ditu burdinurtuzko zutabetxoak eta harlanduzko lana, eta erdigune baten inguruan antolatzen du dena Garai batean, garbitoki hauek bizitza sozialaren gune oso garrantzitsuak izan ziren, batik bat emakumeentzat, eta Irurako garbitoki hau da garai haietan zuten garrantziaren lekuko. XX. mendearen erdialdetik aurrera, garbigailu automatikoaren asmakuntza dela medio, garbiketa lan hauek etxe barnean egingo dira eta, ondorioz, garbitoki publiko hauek alde batera utziko dira.