Malaka errekastoa berreskuratzeko auzolan deialdia

Malaka errekastoa berreskuratzeko auzolan deialdia

Malaka errekastoa Iruratar askorentzat ezezaguna den paradisu ezkutuan kokatzen da. Irurako hegoaldeko muturrean aurkitzen da, Tolosarekin muga-mugan. Bertan jaio eta 200 metro eskasean Oriako ibaian urreratzen da. Erreka motza izanik ere, bere ibai ertzean altxor ugari gordetzen ditu: Sorginzulo kobazuloa, Guadalupe paper-fabrikaren ur-baltsa...

Udalak espazio hau Iruratarren ezagupen eta gozamenerako eskuragarri jarri nahi du, betiere, inguruko fauna nahiz floraren babesa bermatzea lehentasuna izanik. Bide horretan, inguruaren lehengoratze eta egokitzapen-lanak aurrera eramango dira, inguruan ahalik eta inpaktu gutxiena sortzeko asmoz.

Egun egoera txarrean dauden egitura arkitektonikoak herritarrentzat seguruak izan daitezen oinarrizko konponketak egingo dira, segurtasun baldintza minimoak betetzeko asmoz. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Natura Ondarearen lerroaren baitan emandako dirulaguntzen zati bat inguruko hondakinak ateratzeko bideratuko da. Garbiketa horretan herritarrak parte hartzera deituko dira.

Baina, horren guztiaren aurretik, eremura heltzeko gurdi-bidearen irekitze-lanak egingo dira, auzolanean, herritarrak partaide nagusiak izanik. Izen-emateko udaletxera deitu edo online esteka honetan dagoen galdetegia bete.

 

Auzolanaren emaitza

Ekimena arrakastatsua izan da. Herritar talde handi batek parte hartu du 2021eko maiatzaren 19an eta 22an egindako auzolanean, eta, horri esker, gurdibidea erabat ireki ahal izan da, baita Malaka inguruan zeuden hondakin gehienak bildu ere.

Hondakinak
Hondakinak garbitzea