Historia
Historia
Irura historian zehar
Oraindik ez da udalerrian aztarna arkeologikorik aurkitu eta horregatik ez dakigu ziur gizakia historiaurrean Iruran egon ote zen. Hala ere, herritik gertu daude Basaburu, Belabieta, Itxupeaka, Loa eta Moa trikuharriak eta baita Burdin Aroko Basagain herrixka ere. Aztarna hauek pentsarazten dute Irurako eremua ere historiaurreko garaietan erabilia izango zela, eta are gehiago kontuan hartzen badugu puntu estrategikoan kokatuta dagoela, ibai-arana estutzen den gunean baitago, eta ehiza kontrolatzeko eta ehizakien mugimenduak zaintzeko oso egokia baita.
Erdi Aroan azaldu ziren Irurari buruzko lehenengo erreferentzia historikoak. Hasieran, Irura auzotar komunitate bat zen, Oria ibaiaren alboetako zelaietan nekazaritzan aritzen zena eta Loatzo mendiko berezko baliabide diren baso eta larreak ustiatzen zituena. Garai honetako bizilagunak laguntzarik gabe moldatuz joan ziren eta arrakasta lortu zuten ibaiaren bide-aldaketetatik sortutako sakanetan landatuz, mendeetako lanaren ondoren nekazaritza-soro emankorrak bilakatu baitziren Oria ibaiaren eskuineko ertzean ia oraintsu arte egon direnak.
Orografia-ezaugarriek garbi adierazten dute zergatik finkatu zuten Irurako erdigunea aranaren sakonean gelditzen zen tarte laburrean. Lehendabiziko etxeak Oria ibaiaren ibilgutik urrun kokatu zituzten, Loatzo mendiraino iristen diren mendi-hegalen abiamenetan hain zuzen ere; era horretan, eremu guztia ikusten zen eta ibaiaren uholdeetatik babesten ziren, bideratu gabe baitzegoen. Gainera, eremu ordekatsuenak landaketetarako uzten zituzten. Funts honetakoak dira Lumane, Katategi edo Laskibar bezalako orubeak, Erdi Aroko nekazarien eraikinak; XVI. mendearen bukaeraz geroztik, haien ordez, gaur egun baserri izenarekin ezagutzen ditugun arkitektura-eredu berriko eraikinak ditugu. Ildo honetatik, Agerre baserriak aipamen berezia merezi du, 128 metrora dagoen muino batean eraiki izanak pentsarazten baitu Erdi Aroko garaietan defentsa funtziotarako erabiliko zutela. Aipatu behar da, XIII. mendeaz geroztik Arabako lautada Kantauri Itsasoko portuekin komunikatzeko bide nagusiak haran honen sakonetik egiten zirela eta Irura ere bide horren ertzean sortu zela, Tolosa eta Amasa-Villabonaren tarteko pasabidea izanik.
San Migel Parrokiak erakusten du Irura komunitate berezitu gisa osatu izana. Erdi Aroaren hondarretatik eliza da bizitzako gertaera garrantzitsuenak ospatzeko biltoki nagusia, hala nola, jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak. Nolabait, parrokia da sakabanatutako populazioa elkartzen duena eta berezko nortasuna ematen diona, erlijiozko ikuspuntutik kanpo ere bai.
Iruraren arrakasta berezko nortasunari eta independentziari eustean datza, Tolosa eta Amasa-Villabona bezalako udalerri garrantzitsuen artean kokatuta egon arren eta eremuz hain txikia izan arren. 1385eko abuztuaren 4an Irurako biztanleak Tolosako hiribilduarekin elkartu ziren, Ahaide Nagusien eredu feudalari aurre egiteko eta hauek nekazarien komunitateei eragindako gehiegikerietatik babesteko. Hala eta guztiz ere, Irurak herri-basoen jabetza administratzen jarraitu zuen, eta bere udal-eremua bereizteko mugarriak jartzen ere bai. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Irurako auzo-alkateak urtero karguaren zina egiten zuen Tolosako alkatearen aurrean, eta bi errejidorek laguntzen zuten azken honen zereginetan. 1845 urtetik aurrera, erreforma Isabeldarraren ostean, Irurak berezko alkatea izango du berriro ere.
Mendetan zehar Irurak eutsi egin zion komunikazio-bide baten ertzean zegoen nekazal komunitatetxoaren izaerari, baina egoera hau erabat aldatu zen XIX. mendeko industrializazioa gertatu zenean. Orduan, udalerriaren berezko baliabideetako bat erabiltzeari ekin zioten: Oria ibaiaren energia hidraulikoa. 1843 urtean "Echezarreta, Larrion y Aristi" taldeak Ariztineko plaza izeneko gunean paper-fabrika garrantzitsu bat sortu zuen, aurretik burdinola bat eta oihal-lantegi bat egon ziren lekuan. Fabrikaren guneak berritze eta handitzeak jasan zituen, 1988 urtean itxi zen arte. Jatorrian, eraikinak burdinurtuzko zutabez egindako nabeak zituen, eta baita langileentzako etxebizitza-multzo bat ere. Hauetara kanpoko biztanleak etorri ziren, lehen Iruran sekula gertatu ez zena. Industriaren gorakadak goraldi ekonomikoa erakarri zuen; etxe kopurua ere handitu egin zen parrokiaren inguruan eta herriaren gunea zeharkatzen zuen Tolosa-Donostia errepidearen alboetan.