GI-3650eko hiri errepidearen zirkulazioa lasaitzea
GI-3650eko hiri errepidearen zirkulazioa lasaitzea
GI-3650 errepideko trafikoa lasaitzeko arazoaz hitz egiteko herri batzarra.
Iruratik, herria bi zatitan banatzen duen errepidea pasatzen da, GI-3650, guretzat Kale Nagusia izenez ezaguna. Errepide izanik ere, guretzat kale izateko bokazioa duena. Trafikoa, eta berauk sortzen dituen ondorioak, aspaldidanik eduki izan ditu Irurak, baina uste dugu badela garaia, 21. mendean sarturik, benetako konponbideak lortzeko. Herri lagunkoiak, aire garbia, mugikortasun jasangarria eta antzeko terminoak egunero entzuten ditugun garaiotan, irurarrok bizi baldintza horiek lortzetik urrun gaudela konprobatzea gauza erraza da, eta mingarria aldi berean . Edozein gai jorratzean, datuak, estadistikak, zenbakiak,... ageri izan ohi dira, eta “trafiko jasanezina” izena duen arazo honek ere, baditu bereak.
Egunero GI-3650 errepìdetik, batez beste, 6.000 ibilgailu pasatzen dira, honen portzeintai esanguratsua trafiko astunari dagokiona izanik. Astelehenetik ostiralera, 6.600 izatera ere iristen dira, Foru Aldundiak eginiko azken neurketaren arabera.Datu horien atzean (gasen emisioa, kutsatze akustikoa, segurtasun eza, etab), pertsonei txarrerako eragiten dieten ondorioak daude. Ohikoa den moduan, desgaitasunen bat duten pertsonak, adinekoak eta haurrak dira kaltetuenak. Guztiok, behin eta berriz, zeharkatzen dugu errepide hori, horrek dakarren guztiarekin, eta gure osasunerako eskubideek ere modu zuzenean jasotzen dute eragina.
Errepidea Foru Aldudiaren jabetzakoa denez, Udalean egon diren gobernu desberdinek bertara jo izan dute arazoari irtenbidea aurkitzeko eskatuz. Zer egingo da desberdin oraingoan? Aurreko saiakeretan, eskaerarekin batera ez da aurkeztu errealitatea ondo jasotzen duen txosten zehatzik. Hilabeteak daramatzagu, erpin desberdinak ukitzen dituen diagnostiko bat osatzen, eta horrekin batera, irtenbideak izan daitezkeen proposamenak aztertzen. Azterlan horrek bi zutabe nagusi ditu, teknikoa alde batetik, GEA21 enpresa gauzatzen ari dena. Beste zutabea, aurrekoa bezain garrantzitsua, herritarren partaidetzarena da. Gurasoei eta adineko pertsonei zabaldutako galdetegiekin hasi baginen, orain batzar irekin honen bitartez irurarron iritzi eta ekarpenak jasotzea dugu helburu. Arazo kolektiboek erantzun kolektiboak eskatzen dituzte, horregatik ezinbestekoa da zuen parte-hartzea.
Animatu eta gerturatu zaitez Herri Batzarrera, batera urrutirago iritsiko gara!
- Noiz: Ekainak 22, 18:00
- Non: Herri Eskolan