Aurrekontu partehartzaileak 2023
Emaitzak
2023ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek egindako baldintza guztiak betetzen dituzten proposamenak bozketa fasera pasa ondoren, hauexek izan dira emaitzak. Beraz "Argiztapen jasangarria Ibaigain pasealekuan” jartzea izan da proiektu bozkatuena.
Bozketarako proposamenak
Oniritzia jaso duten proiektuak botazio fasera pasa dira eta orain zuei dagokizue proiektu hauen gaineko azken erabakia bozka bidez ebaztea.
Maiatzaren 8tik 11era egongo da bozkatzeko aukera Udaleko harrera bulegoan (9:00 - 14:00), Irurako udalaren webgunean, APPko parte hartze atalean edo Kulturuneko postontzian.
Bozketa honetan parte hartu ahal izango dute 16 urte beteta dituzten eta Iruran erroldatuta dauden herritarrak + erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat garatzen duten pertsonak (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab).
1. Argiztapen jasangarria Ibaigain pasealekuan
Batez ere udazken eta neguko arratsaldetan Ibaigain pasealekua mugatua gelditzen da argiztapenik ez dagoelako. Beraz, argiztapen jasangarria jartzea proposatzen da Ibaigain pasesalekuan.
2. Trinketeko gimnasioan toldoa jartzea kantxarekin banatuz
Trinketeko gimnasioan toldoa jartzea proposatzen da kantxarekin banatuz. Honek trinketeko kantxan entzuten den soinua murriztuko luke eta neguan gimnasioko eremua beroago mantenduko luke.
3. Bulder (eskalada) bat kulturuneko eraikinaren atzekaldean
Duela gutxi berritu eta egokitutako pasabide hori aprobetxatuz, beste erabilpen bat gehitzea proposatzen da. Haur, gazte edo helduak, aire librean eta ordaindu gabe kirola edo jolasa praktikatzeko bulder (eskalada) bat egitea.
4. Kaskailu haur-parkea berritzea eta hobetzea
Kaskailu haur-parkeko instalazioak berritzea eta hobetzea proposatzen da. Izan ere, Kaskailu parkeko instalazioak zahartuta eta apurtuta daude zenbait lekutan, eta herriko haur txikienek erabiltzen dituzte egunero.
5. Komun publikoa Loatzo plazan
Loatzo plazan komun publiko bat jartzea proposatzen da. Honek, ingurune honetan dagoen gabezia konponduko luke. Gainera, 2021ean komun publikoaren kokapenari buruzko egindako galdeketan, bozka gutxi batzuengatik ez zen aukeratutako kokalekua izan.
6. Gimnasioko leihoetan estoreak jartzea
Arratsaldeetan trinketeko gimnasioan eguzkiak zuzenean jotzen du eta oso gogaikarria da ariketak egitea. Halaber, udan bero handia egiten du gimnasioan, eta, horregatik, leihoetan estore batzuk jartzea proposatzen da.
Irurako Udaleko aurrekontu partehartzaileen inguruan jakin beharreko guztia
1. Nork proposatu ditzake proiektuak?
Iruran erroldatuta dagoen eta 16 urte bete dituen edozein herritarrek + erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab) garatzen duen pertsonak egin ditzake proposamenak.
Proiektu hauek aurkezteko epea apirilaren 3tik 21era arte irekiko da eta kanal hauen bitartez egin ahalko dira:
- Udaleko harrera bulegoan aurkeztuta (9:00-14:00).
- Irurako udalaren webgunean online formularioa beteta.
- APPko parte hartze atalean formularioa beteta.
- Kulturunean jarriko den postontzian.
2. Ze nolako proposamenak egin daitezke?
2023. urtean 50.000€ erreserbatu dira herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko.
Aurkeztutako proiektu hauek iruratarren interes orokorrari erantzun beharko diote.
Beraz, proposamena bidali aurretik galdeiozu zure buruari: Ze onura ekarriko die nik proposatutakoak iruratarrei? Gogoratu, ondo justifikatutako proiektuek askoz aukera handiagoa izango dute herrikideen botoa eta babesa lortzeko.
3. Nola parte hartu?
Esan bezala, proposamenak egiteko aukera apirilaren 3tik 21era arte irekiko da.
Lehen aipatutako kanal ezberdinak izango dituzu eskura proposamenak aurkezteko.
4. Nork aztertuko ditu aurkeztutako proposamenak?
Proposamenak Irurako Udalera bidali ostean, tekniko eta talde politikoen ordezkariez osatutako mahai batek proiektu bakoitza aztertu eta balorazioa egingo du. Proposamenei oniritzia emateko hurrengo irizpideak erabiliko dira:
- Interes publikoari erantzutea, ez interes pribatuari.
- Udalaren konpetentzia izatea.
- Teknikoki bideragarria izatea
- Aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea.
- Inbertsio motako proposamena izatea.
Mahai honek erabakita, oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera igaroko dira. Era berean, eta mahai honek hala erabakita, udaleko sail ezberdinek proposatutako proiektuak ere igaro daitezke botazio fasera.
5. Proiektuen bozketa
Balorazio mahaiaren emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute. Proiektu hauen gaineko azken erabakia bozka bidez ebatziko da.
Bozketa honetan 16 urte bete dituzten eta Iruran erroldatuta dauden herritarrak + erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab) garatzen duten pertsonak parte hartu ahal izango dute. Botoen bidez, aurkeztutako proiektu ezberdinen artean herritarrek bat aukeratuko dute, herriaren garapenerako garrantzitsuena deritzon proiektuari bozka emanez.
Maiatzaren 8tik 11ra egongo da bozkatzeko aukera eta kanal hauen bitartez egin ahalko da:
- Udaleko harrera bulegoan (9:00-14:00).
- Irurako udalaren webgunean.
- APPko parte hartze atalean.
- Kulturunean jarriko den postontzian.
6. Aukeratutako proiektuen exekuzioa
Bozketako emaitzak lotesleak izango dira Udalarentzat, eta boto gehien lortu dituen proiektua exekutatu beharko da derrigor.
Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu honetara bideratutako kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 50.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere irabazi ez duten proiektuek emandako boto kopuruaren artean %10eko babesa lortu badute, gutxienez.
Beste proiektuek botoen portzentaje hori eskuratuko ez balute, Udalak erabakiko luke gerakina zein inbertsiotara bideratu. Udalaren esku egongo da era berean irabazlea izan den proiektuaz gain, besteren bat exekutatzea nahiz eta 50.000 euroko kopurua gainditu, aurreko irizpide guztiak beteta.
Aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dira eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko da Irurako webgune zein Irurako Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik.
7. Zer da lortu nahi duguna?
- Herritar konprometituak sortzea bere komunitatean
- Elkarlana eta lankidetza
- Gardentasuna
- Lehentasunak markatzea
- Aniztasun inklusiboa
- Talde edo komunitate ikuspegia
- Erabakiak hobetu, zilegitasuna bermatu
- Harreman molde berriak sortzea
Informazio erlazionatua
2022ko aurrekontu partehartzaileen emaitzak
2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek egindako proposamenak jaso ondoren, Udal bulego teknikoak, proposamenen bideragarritasuna aztertu zuen eta "Garbileku-plazako argiztapena eta segurtasun-sarea jartzea," izan zen, baldintza gztiak betetzen dituen proiektu bakarra. Beraz, Garbileku-plazako argiztapen eta segurtasun-sarea jartzearen lanak eman ziren aurrera.