Eduki publikatzailea
Atzealdea Zabalik da Mintzalaguna ekimenean izena emateko aukera
2024·09·25
Ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun egitasmoaren izen-emate kanpaina aurkeztu da. Ekitaldian izan dira egitasmoa bultzatzen duten udaletako ordezkariak zein hitza hartu duten, Maite Arregi, Villabonako Euskara Teknikaria eta Igor Agirre, Galtzaundi Euskara Taldeko kidea. Asko dira euskarazko oinarri bat izan bai, baina praktikan jartzeko aukerarik ez dutenak. Beraz, partaideek, Mintzalagun taldeetan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera.
Egin nahi duzun hori, egizu euskaraz Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoak ikasturte berriari ekin dio. Egin nahi duzun hori, euskaraz egiteko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean euskara praktikatzeko eta ondo pasatzeko aukera eskaintzen du, eta aurten ere martxan jartzera goaz.
Irailean ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira. Tolosan, Ibarran, Zizurkilen, Anoetan, Iruran eta Amasa-Villabonan. Badira taldeak dagoeneko, eta nahi genuke Bidelagunak eta Bidelariak eskualdeko herri gehiagotan ere elkartzea.
Mintzalagunean, Bidelariak eta Bidelagunak astero elkartzen dira, eta astero izaten dute elkarri zer kontatua, zertaz hitz egina, giro atseginean.
Astean ordu betez, hizketaldi lasaian, Bidelagunek euskara praktikatzea dute helburu, lotsa gaindituz, akatsak egiteari beldurra kenduz, hizkuntza
ohiturak aldatuz eta erabileran urratsak emanez. Bidelagunei, berriz, euskara praktikatu nahi duen bati laguntzearen pozak betetzen dio barrua,
euskararen alde zerbaitetan ari dela ikustea, eta, gainera, ondo pasatzen ari dela.
Asteroko zitaz gain, ikasturtean zehar ekintza osagarriak ere antolatzen dira, betiko taldeaz gain, Mintzalagunean parte hartzen ari diren gainerakoekin batera: urtero eskualdeko bertako herriren batean bisita gidatu bat egiten da. Iaz Fagus, Alkizako interpretazio zentrora egin zen
bisita eta duela bi urte, Amezketara, Pello Zabala gunera.
Eskualdetik ere ateratzen dira, Durangoko Azokara, sagardotegira, eta aurten ere izango dira antzerako ekintza osagarriak. Euskaraz soltura izan ez, eta soltura hori lortu nahi duten ia 100 mintzalagun ditugu Tolosaldean 20 talde pasatxotan banatuta. Eta begirada altxatuz gero, Euskal Herri osoan ia 8000 mintzalagun dira. Gehiago izateko asmoz gaude aurten, Egin nahi duzun hori, egizu euskaraz lelopean.
Galtzaundin eman dezakezue izena, baita Tolosaldeko udal guztietan ere. Zuen herriko udalean bertan, alegia. Bertaratu, deitu edo idatzi lasai, zalantzarik izanez gero galdetu, eta ez galdu aukera. Informazio gehiago udaletako webguneetan aurkituko duzue, baita Galtzaundiren webgunean ere.