Eduki publikatzailea
Atzealdea Zabalik da gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak eskatzeko epea
2024·02·27
Eusko Jaurlaritzak martxan du Emantzipa programa. 25 eta 29 urte bitarteko gazteei, biak barne, emantzipatzen laguntzeko diru laguntza eskaintzen du programa honen baitan.
Hilean 300 euro ordaintzean datza, gehienez 24 hilabetez, betiere gastua egiaztatzen bada (alokairua, hipoteka edo etxebizitza libre baten mailegu pertsonala) eta zenbait baldintza betetzen badira. Batetik, eskatzaileak 25 eta 29 urte artean izan behar ditu eta EAEko edozein udalerritan erroldatuta egon beharko du urtebete lehenagotik gutxienez, edo bestela, azken 10 urteetan 3 urtez jarraian erroldatuta egon beharko du. Bestetik, errentamendu-kontratu baten titularra izan behar da, banaka edo errentakide gisa, edo salerosketa-kontratu baten titularra, banaka edo jabekide gisa. Etxebizitza partekatzen bada, gehienez 3 pertsonari emango zaie prestazioa. Horrez gain, ezingo da ohiko etxebizitzaz bestelako etxebizitza baten jabe izan.
Gainera, baldintza ekonomiko hauek ere bete beharko dira: Zerga-aitorpena banaka egiten dutenek 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak izango dituzte eta baterako zerga-aitorpena egiten dutenek 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak.
Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20tik azaroaren 29ra bitartekoa izango da, biak barne.
Eskaera aurkezteko modurik errazena online egitea da, esteka honetan BakQ-rekin identifikazio elektronikoa eginez, baina aurrez aurre ere aurkez daiteke. Informazio gehiago: www.euskadi.eus/emantzipa. Kontsultak egiteko: 945 015 591 edo emantzipa@euskadi.eus.
Bestalde, azpimarratu behar da Emantzipa bateragarria dela Irurako udalak martxan dituen alokairu gastuetarako edo emantzipaziorako diru-laguntzekin.