Web edukia bistaratu
Berriak
Atzealdea

Tolosaldeko Ikastetxeetako elikagai soberakinen neurketaren lehen fasea, amaitzear

Neurketak amaitu ostean, ondorioak atera eta elikagai xahuketa murrizteko protokoloak zehaztuko dira ikastetxeetako jangeletan.

2022·06·10

Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren barruan, 2020. urtean ekin zion, Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko ikastetxeetako jangeletako elikagaien xahuketa ikertzeari.

Gaur egungo egoeraren diagnosia egiteaz gain, xahuketa murrizteko eta kudeatzeko beste eredu batzuk planteatzea zen proiektu estrategiko honen xedea. Ez bakarrik ingurumenaren eta jasangarritasunaren ikuspuntutik; baita alor sozial, ekonomiko eta juridiko batetik ere, egun indarrean dauden araudiekin bat etorriz.

2020an aurkeztu zen diagnosi hori, eta pandemiak bete-betean harrapatu ostean, neurketa fasea atzeratu behar izan zen. Bada, 2021-2022 ikasturte honetan, urrats gehiago eman dira: aurreko fasean detektatutako gabeziak zuzentzearekin batera, Tolosaldeko ikastetxeetako elikagai xahuketa neurtzeari ekin zaio.

Modu boluntarioan parte hartzea erabaki duten 13 ikastetxetako jangeletan egin da neurketa hori, Eusko Jaurlaritzaren babesari esker.

Soberan geratu den hondakin organikoa pisatu eta aztertu da azken hilabeteotan. Jasotako datuen analisia egingo da datozen asteetan, eta hori amaitzean, ikastetxe bakoitzaren beharretara eta indarrean dagoen legedira egokitutako estrategia eta protokoloak proposatuko zaizkie ikastetxeei, soberakinak gutxitzeko helburuarekin.

Hurrengo ikasturtean, berriz, neurketa horiekin jarraituko da, ezarritako protokoloen egokitasuna aztertzeko, eta balizko egokitzapenak proposatzeko.

Hauek dira proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeak:

  • Samaniego Ikastetxea (Tolosa)
  • Herrikide Ikastetxea (Tolosa)
  • Laskorain Ikastola (Tolosa)
  • Muñagorri Eskola (Berastegi)
  • Alegiako Herri Eskola eta Aralar Institutua (Alegia)
  • Uzturpe Ikastola (Ibarra)
  • Zubimusu Ikastola (Amasa-Villabona)
  • Pedro Mari Otaño Eskola (Zizurkil)
  • Zumadi Eskola (Amezketa)
  • Irurako Ikastola (Irura)
  • Anoetako Ikastola (Anoeta)
  • Lizartzako Eskola