Web edukia bistaratu
Berriak
Atzealdea

Suak Harrotuz

Solstizioa, ohiturak eta emakumeen lana balorean jartzeko ibilbide antzeztua

2022·06·08

  • Ekainaren 10ean ostirala, 17:00tik aurrera
  • Igaigain pasealekuan
  • Egurrezko zubiaren sarreran

Ekainaren 23a egun berezia izan ohi da Euskal Herritarrontzat. Herri eta txoko guztietan suak piztu ohi ditugu, kontu zahar, mingarri, eta abar sutara botaz eta berriei lekua eginez. Festa egunak izaten dira nonahi.

Eguzkia bere puntu gorenean egoten den egun hauetan, mende eta mendeetako gizakiak gogoeta handiak egin izan ditu bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez… Oraindik, bizirik diraute gogoeta hauei loturiko hainbat errituk.

Ibilbide honekin, beraz, Udako Solstizioak garai hauen ospakizunean duen lekuaz baliatuz, jai hauen jatorrira joan nahi dugu eta sasoian sasoiko naturaren egoeraren isla diren erritu zaharrak eta oraindik bizirik daudenak berreskuratu.

Baina ez hori bakarrik,   izan ere, nagusiki gaitz eta  izpiritu txarrak uxatzeko erritu hauekin loturik, berebiziko lekua hartzen baitu sorginaren figurak. Sorginak, oro har, emakume gaizto, itsusi eta zaharrak; edo eta bere edertasunaz baliatuz hirugarrenak (gehienetan gizonak) sorgintzen zituztenak.

Ikuspegi hau irauli eta ibilbide honetan, bere gorputzarekin eta naturarekin konexio handia zuen emakumearen irudia indartu nahi da, naturaren zikloen eta sendabelarren ezagutza zutenena, sendalariarena, ugalketa prozesuak ezagutzen zituzten emaginena,...Komunitatearentzat boteretsuak ziren emakumeena, alegia.

Ibilbidea

Hiru gune izango dituen ibilbidea izango da. Herri barruko uneak izan daitezke, edota basogune batekoak eta taldea, gune batetik bestera gidatuko da.

Ibilbidea 20ko taldeetan egingo da. Lan-taldea, beraz, 3-4 orduz egongo litzateke herrian eta 30-45 minuturo talde bat sartuko litzateke, guztira 6 taldek (120 pertsonek) izanez aukera ibilbidea egiteko.

1. gunea:
Gune honetan, sorgin itxurako emakume batek jasoko du taldea eta eguzkiaren sorreraren inguruko kondaira kontatuko du:  Amalurrak eguzkia sortu zuenekoa, landareak, eguna, solstizioak… Solstizioari buruzko 20 bat minutuko kontakizuna izango da, beraz.

2. gunea:
Bigarren gune honetan beste kontalari bat egongo da eta honek naturarekin lotura duten ohiturak azpimarratuko ditu. Hauetako asko oraindik bizirik daude.
Gune honetako kontalaria, sendabelarrak erabiltzen iaioa den emakumea izango da eta bere jakintzaren zatitxo bat transmitituko die bisitariei. San Joan sorta egiteko landare gidatxoa eta ukendua banatuko die bertaratutakoei. Iraupena: 20-25 min artean.

3. gunea:
Dantza-kontakizun bat egingo da, suaren inguruan. Emakumeok historian zehar izan dugun indarra eta garrantzia irudikatuko da. Sorgintzat hartutako emakumeek benetan garai batean betetzen zuten paperaren aldarria egingo da: emagin, sendalari, zaintzaile…Dantza garaikideak, musikak eta suak emango lieke bukaera ibilbideari. Iraupena: 15 minutu
Beraz, ibilbidea, naturarekin bat egin, behaketan trebatu eta gizakion, eta bereziki, emakumeen jakintza eta gaitasunak ikusarazteko aitzakia da, ahalduntzean naturarekiko konexio eta ezagutzak duen garrantzia azpimarratuz.

Nori zuzendua

Adin guztietarako. Familiarra (10 urte azpikoak heldu batek lagundurik).

Parte hartzaileak

  • Nagore Etxedona Zubiria (dantzari eta kontalaria)
  • Nagore Leon Plaza ( dantzari eta kontalaria)
  • Itziar Saenz de Ojer Martinez (kontalaria)
  • Eli Trojaola Zubizarreta (kontalaria)
  • Pablo Dendaluze eta Iosu iztueta koordinazioan

Kontaktua

Itziar Saenz de Ojer: 649 497 393