Jan Tolosaldea
2020·06·02
“Jan Tolosaldea” ekimenak eskualdean ekoitzitako produktuen kontsumoan oinarritutako elikadura-sistema bultzatzen du eta Irurako Udala egitasmo horren kide da. Ekimen honi esker gertuko elikagaiak sustatu nahi dira, laborantza-sektorean lan egiten duten Tolosaldeko eragileak, herritarrak eta eskualdeko udalak inplikatuz eta horien arteko sarea osatuz.
Izan ere, bertako produktuetan oinarritutako elikadura-sistemak, bertako ekonomian eragiteaz gain, ingurumenaren ikuspuntutik ere onura adierazgarriak ekartzen dizkigu, hala nola: elikagaien garraioari lotutako gas kutsakorren eta Berotegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzen dira, bertako landare eta animalia espezien aniztasuna bultzatzen da eta gure herrietako landa-paisaia mantentzen laguntzen da.
Arrazoi horiengatik, ingurumenaren munduko eguna (ekainak 5), aurten beste era batean ospatzeko gonbitea bidali nahi die Irurako Udalak herritarrei, Tolomendik antolatutako ekimen honetan parte hartzera animatuz: tokiko elikagaien aldeko jardueraren bat egin eta jarduera horren berri emateko asmoz, gehienez minutu erdiko (30 segundoko) bideo bat grabatzea, “JAN TOLOSALDEA” lema erabiliz. Bideoa grabatu ondoren honela partekatu dezakezue:
- Sare sozialak badituzue, bertan argitaratu #JanTolosaldea hashtag-a jarriz (edo @tolomendi jarriz) #zuen ekimena, udalerri, ekoizle, etab., hashtag propioa agertzeko.
- Sare sozialik ez baduzue, bideo ondorengo epostara bidali: tolomendi@tolomendi.eus (Tolomendi landa garapenerako elkarteak bere sare sozialetan partekatuko du).
Eskualdeko ekoizleen katalogoaren berri emateko ere aprobetxatu nahi dugu: www.tolomendi.eus/eskualdeko-ekoizleak.
Gogoratu, jan bertakoa: zaindu, garatu eta aberastu eskualdea eta biziberritu bertako nekazal kultura.