Web edukia bistaratu
Berriak
Atzealdea

Irurarrek herri-ostatuaren oinarriak adostu dituzte

Irurako herritarrek herri-ostatu bat zer den galderari tiraka herriko ostatua izango den proiektua definitu dute.

2022·06·17

Irurako herritarrek herri-ostatu bat zer den galderari tiraka herriko ostatua izango den proiektua definitu dute.

Partaidetza-prozesura hurbildu diren 15 lagunen iritziz ostalaritza-zerbitzuaz haratago, Irurarren beharrei erantzun behar die herri-ostatuak, hau da, herritarrei irekia egon behar duen zerbitzu bat izan behar da.

Tabernari dagokionez herritar guztientzat irisgarria izango den eskaintza bermatu beharko dela adostu da, zehazki, bokata, plater konbinatu eta eguneko menuei lehentasuna emanez; baita tokiko eta garaiko produktuak erabiltzea sustatu beharko dela ere, tokiko ekonomiaren alde eginez.

Bestalde, eta 2021eko udazkenean egindako partaidetza-prozesuan adostutakoa berretsiz, kultur ekitaldietarako espazio bat izatea lehenetsi da. Kasu honetan, herri-ostatuak Irurako kultur mahaiarekin elkarlanean jardun beharko duela erabaki da, bertako programazioa herriko eragileekin koordinazioan eraikiz.

Bi aspektu nagusi hauez gain beste hainbat aldagairen inguruan hausnartu eta eztabaidatu da, hala nola:  herri-ostatuaren irekiera egutegia eta ordutegia; herri-ostatuko kudeatzailearen eta Irurako Udalaren arteko harremana eta koordinazioa; herri-ostatuko hizkuntza irizpideak; …

Partaidetza-prozesua amaituta, hurrengo urratsak ematea Irurako Udalari dagokio. Batetik, hausnartu eta adostutako proiektua esleipen pleguetan jasotzea eta prozedura publiko egitea; eta bestetik, Zahar Etxea zenaren espazioan obrak egitea eta atontzea.