Eduki publikatzailea

Atzealdea Iruran euskara sustatzeko plan estrategikoa

Iruran euskara sustatzeko plan estrategikoa

2025·06·06


Euskararen presentzia eta erabilera indartzeko asmoz, prozesu estrategiko bat jarri dute martxan Irurako Udala eta UEMAk elkarlanean.

Irura udalerri euskalduna da, eta azken datu ofizialen arabera, Irurako herritarren %73k daki euskaraz. Iruran belaunaldiz belaunaldi transmititu da euskara, eta etxean jaso ez duten ehunka herritarrek ere ikasi dute. Euskaraz bizi da Irura, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu.

Horretarako, ezinbestekoa da euskaraz egiteko aukerak zabaldu eta bultzatzea, eta erraztasunak eskaintzea herritar eta eragileei. Bide horretan sakontzeko, eta datozen erronkei egoki erantzuteko, plangintza estrategiko bat (AROA) osatzeko asmoa du udalak, herritarrekin eta eragileekin elkarlanean.

Lehen pausoa, herritarrei galdetegi bat zabaltzea izan zen, eta horren bidez jaso dira irurarren iritziak. Orain, bigarren pausoa dator: plangintzaren estrategiak zehaztu eta ekintzak identifikatzeko, saio ireki bat antolatu da eragile eta herritarrekin.

  • Tokia: udaletxeko ganbara
  • Eguna: ekainaren 10a (asteartea)
  • Ordua: 18:00etatik 19:30era

Oso garrantzitsua da denon parte-hartzea. 

Anima zaitezte eta parte hartu! Denon artean egiten dugu Irura euskaldun!

Navigation Menu

Navigation Menu