Irurako Energia Komunitatean parte hartzeko izen-ematea zabalik da
2023·03·16
Irurako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin elkarlanean, Irurako Energia Komunitatea sortzeko prozesua abiatu du. Martxoaren 7an Tokiko Energia Komunitate bat zer den eta zein onura dituen ezagutzeko informazio-saioa izan zen eta herritar ugarik hartu zuten parte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Tokiko Energia Komunitateak (TEK) sortzeko eskaintza egin zien lurraldeko hainbat udalerriei eta, egun, 20 udalerri atxiki zaizkio proiektuari. Irurako Udalak egoki ikusi zuen Aldundiko proiektu honetan parte hartzea, batetik Irurak energia-trantsizio iraunkorrean aurrerapausoak ematen jarraitzeko eta bestetik proiektuaren gauzatzearen kostuak Aldundiak bere gain hartzen dituelako.
Honela, Trinketeko teilatuan 84 plaka fotovoltaiko jarriko ditu Aldundiak Irurako TEKri 38 kW emateko. Orotara, 57 etxe eta komertzio txikik izango dute Irurako TEKan parte hartu eta Trinketeko instalaziotik energia berriztagarria kontsumitzeko aukera. Gainera, TEKko kide izanda, Aldundiak formazioa eta aholkularitza zerbitzua jasotzeko aukera izango dute partaideek.
Instalazioa eraikitzeko Udalak berea den Trinketearen teilatua utzi dio Aldundiari, instalazioa bera 5 urtez azken honen ardurapean egoteko. Ondoren, instalazioa Irurako TEKrena izatera pasako da eta beronek izango du azpiegitura kudeatzeko ardura.
Une honetan, beraz, Irurako TEK sorrera fasean aurkitzen da. Parte hartu edo informazioa jaso nahi duten pertsonek aurre izen-ematea egin dezakete www.tekgipuzkoa22.eus/irura/eu webgunean. Informazio osagarria edo zalantzak argitzeko Irurako Udalera ere jo dezakete interesatuek (943 691 333). Irurako TEKko kide izateak ez du kosturik eta bertako energia berriztagarria kontsumitzeagatik ez da inolako instalaziorik egin behar.
Behin taldea osatuta, Irurako TEK elkarte modura osatzeko fasea abiatuko da. Honetarako, Aldundiak adierazi du komunitateak bere sorreran zein nolako egitura izango duen adostu beharko duela, estatutu batzuk definituz. Foru entitateak Tokiko Energia Komunitateen aukerako estatutuen zirriborro bat aurreratua du, baina komunitatean parte hartu nahi duten herriko eragileek hauek beren beharren arabera egokitzeko aukera izango dute.
Irurako Udalak herritar, merkatari edo interesa duen herriko bestelako eragileei proiektuaz informatzeko edo/eta bertan parte hartzeko gonbita luzatzen die. Izan ere, jatorri berriztagarriko energia kontsumituz, energia eta dirua aurrezteaz gain, Irurako Berotegi Efektuko Gasen isurketak murrizten eta klima-aldaketa gutxitzen lagunduko dute Irurarrek.