Eduki publikatzailea

Atzealdea Irurako 9 saltokik bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin

Emakume zientzialariak

2025·02·04


Otsailaren 3tik 11ra, herriko 9 saltokik apainduko dituzte euren erakusleihoak emakume zientzialari baten omenez.

Guztira Euskal Herriko 221 saltokik eman dute izena aurtengo ekimenean.

Irurako Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko 9 dendatan. Ekimena otsailaren 3tik 11ra egingo da, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Horrela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

 

Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati edo biri eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta nahi duenak haren ikerketan inspiratuta apainduko du dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Aurten, Euskal Herri osoko 221 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan.

Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela bost urte; Aurten, Euskal Herri osoko 12 herrik ospatuko dute otsailaren 11, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, Elhuyarrekin batera: Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.

 

STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.

 

Irura herriko saltoki parte-hartzaileak:

· Trinkete taberna

· Irurako ostatua

· Ametz estankoa

· Xare okindegi-kafeteria

· Muhi janari denda

· Triku ile-apaindegia

· Tximak ile-apaindegia

· Farmazia Bakarne Arrue Otegi

· Irura okindegi

 

 

12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK

 

Aurtengo edizioan, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean, omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:

 

· Amena Karimyan (Herat, Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea

· Dorotea Barnés González (Iruñea, Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria

· Halet Çambel (Berlin, Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria

· Harriet Martineau (Norwich, Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa

· Jeanne Baret (La Comelle, Frantzia, 1740-1807). Botanikaria

· Lurdes Ansa Maiz (Andoain , Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna

· Margaret Crane (Indiana, AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea

· Maria Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi, Bizkaia, 1955). Matematikaria

· Nawal El Saadawi (Kairo, Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista

· Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá, Kolonbia, 1971). Biologo ebolutiboa

· Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi, Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria

· Uxue Lazcano Dobao (Bergara, Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala

Navigation Menu

Navigation Menu