Web edukia bistaratu
Berriak
Atzealdea

Irurako 38 enpresek hartu dituzte euskara sustatzeko konpromisoak

Gure herriko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin, hamabi urtetako lana burutu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Irurako Udaleko euskara zerbitzuak elkarlanean.

2021·02·12

Euskarak bizitzako alor guztiak behar ditu aurrera egiteko eta zalantzarik gabe, lan munduak berebiziko garrantzia du horretan. Irurak herri izaera euskalduna du eta jakina da bertako enpresa kopurua handia dela. Gure herriko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin, hamabi urtetako lana burutu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Irurako Udaleko euskara zerbitzuak elkarlanean. 2008tik 2020ra arte, 38 enpresetan egin da euskara sustatzeko lana.

Urtero herriko hamar-bat enpresekin lan egin da euskara indartzeko, eta lanketarako enpresak ez dira zoriz aukeratuak izan. Kontuan hartu da enpresa guztiak ezaugarri antzekoak izatea: 50 langile baino gutxiago izatea eta euskararen erabilera areagotzeko programa zehatzik edo ziurtagiririk ez izatea. Enpresei proposamenaren berri eman ondoren, batzuk egitasmoari bide ematea erabaki dute eta beste batzuk ez. Irurako Udalak sustatuta eta Galtzaundiko teknikarien bitartez, hizkuntza paisaian eta idatzizko eta ahozko barne zein kanpo harremanetan eragin nahi izan da.

Urte hauetako prozesuan ikusi da enpresen ahozko eta eguneroko funtzionamendua euskalduna dela, baina enpresek sarri ez dutela irudi hori kanpotik ematen. Eta horretan, kontzientziazio lan handia egin da, sarri ez baitira kontziente beraien izaera linguistikoa ez dutela kanpora islatzen. Euskararen normalizazioan eragiteko, konpromisoak betetzeko eskakizuna lantzeaz gain, Udalak eskainitako itzulpen zerbitzuaren eskaintza ere burutu da. Zubi lanari esker, zerbitzuaren erabilera areagotzea lortu da eta zalantzak argitzeko bideak erraztu dira. Adierazgarria izan da, enpresa batzuen kasuan, borondate osoz, aldez aurretik zehaztuta zeuden aldagai batzuk euskaldundu izana: marka edo izena edota errotulazioa, esaterako. Enpresa batzuk nahikoa izan dute bultzada txiki bat pauso esanguratsuak emateko.