Musika astea Zizurkilgo Atxulondo aretoan hasiko da datorren astelehenean, azaroak 18. Bertan, Loatzo musika eskolako gitarra eta eskusoinu taldeek emanaldi ederra eskainiko dute.
Asteartean, azaroak 19, ganbara emanaldia izango da Ibarrako kultur etxean. Tresna ezberdinez gozatzeko aukera eskainiko dute bertan: eskusoinua, klarinetea, biolina, txirula, zeharkako flauta...
Ostegunean, azaroak 21, Loatzo Musika Eskolako bandak emanaldia eskainiko du Anoetako plazan, dultzaineroekin eta Anoetako 'Kukuak kantuz' abesbatzarekin batera.
Ostiralean, Xexili eguna dela aprobetxatuz eta estrainekoz, musika tradizionala lantzen duen EMARI taldearen emanaldia izango da Alegiako kultur etxean. Loatzoko musikariekin batera joko dituzte zenbait abesti eta Alegiako dantza taldekoen parte-hartzea ere izango da.
Emanaldi guztiak arratsaldeko 18:30tan izango dira. Musikaz gozatzeko aukera paregabea!