Hondakinen Prebentziorako Europako Astea
2016·11·21
HONDAKINEN PREBENTZIORAKO EUROPAKO ASTEA
Agur t’erdi herritar maitea,
Azaroaren 19tik 27ra Europako hondakinen prebentziorako astea ospatzen da eta Irurako Udaletik ospakizun hau aitzakia hartuta zuregana zuzentzen gara hondakinen inguruko hainbat gai eta proposamenen berri emateko.
Hondakinen bilketa datuak
Orain arteko datuak esku artean 2016an bataz beste Iruran gaikako bilketa datua % 71koa da. Urtean zehar izan duen bilakaera honakoa da:
Urtarrila | Otsaila | Martxoa | Apirila | Maiatza | Ekaina | Uztaila | Abuztua | Iraila | |
Gaikako bilketa | % 70,7 | % 72,1 | % 71,5 | % 73,8 | % 72,4 | % 72,3 | % 68,3 | % 67,7 | % 70,9 |
Datuak onak dira eta etxean sorturiko hondakinak sailkatu eta dagokion edukiontzira eramateagatik zoriondu nahi zaituztegu.
Hala ere, eta datu orokorrak onak diren arren, oraindik ere asko dugu hobetzeko, batez ere honako puntu hauetan:
- Hondakin organikoa: Edukiontzi marroian egon behar ez luketen hainbat hondakin azaltzen dira, batez ere plastikozko poltsak, hondakin sanitarioak (pardelak, zapiak, etab.) eta bestelako errefusa (kafe kapsulak, bilgarriak, etab.). Zentzu honetan, gogorarazi nahi dizuegu edukiontzi marroian hondakin organikoa soilik bota behar dela, inolako bilgarririk gabe, eta poltsa konpostagarriak erabilita, inolaz ere ezin dira plastikozko poltsak erabili organikoa ateratzeko. Poltsa konpostagarriak udaletxean eskuratu daitezke.
- Papera eta kartoia ere bere horretan atera behar dira, ezin dira plastikozko poltsetan bota.
Hondakin arriskutsu eta bereziak jasotzeko etxola berria
Irurako Udala eta Tolosaldeko Mankomunitateren ekimenez hondakin arriskutsu eta bereziak jasotzeko etxola bat jarri da Iruran, Pello Arrese kalean jarri da, kultur gunearen aldamenean hain zuzen.
Etxola honek zulo ezberdinak ditu hondakin ezberdinak jasotzeko. Besteak beste, honako hondakin arriskutsu eta bereziak bota daitezke etxola honetan: CD eta DVDak, fluoreszenteak, kontsumo baxuko bonbillak eta halogenoak, aparailu elektroniko txikiak (irabiagailua, plantxa, patrikako telefonoak, ordenagailuetako teklatuak, etab.), kotxeko bateriak, VHS bideoak eta musika zintak, merkuriozko termometroak (plastikozko poltsa itxietan beti ere), pilak (alkalinoak, botoi-pilak eta bateria txikiak), erradiografiak, aerosol beteak, edo erdi beteak, disolbatzaileak eta garbiketako produktuak (ondo itxitako ontzietan isuririk egon ez dadin), tinta edo toner kartutxoak, margoak eta brotxak (ondo itxita), motor olioa (plastikozko bidoietan edo ondo itxita), etab.
Bestetik, etxolaren aldamenean arropa zaharra eta erabilitako olioa biltzeko edukiontziak ere jarrikodira.
Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuegu traste zahar eta bestelako hondakin handiak hilabeteko 1. eta 3. ostiraletan jasotzen direla eta bezperan arratsaldez atera daitezkeela hondakin hauek kalera. Ostirala jai eguna bada ez da bilketarik egoten.
“Ontziratu zaitez!” kanpaina
Idatzi honekin batera Irurako Udala eta Kutxa Ekogunearen artean prestaturiko kanpaina baten inguruko informazioa bidaltzen dizugu. Kanpainaren helburua harategi eta arrandegietan erosketa egiterakoan beharrezkoak ez diren hondakinak (paper eta plastikozko bilgarriak) sortzen ekiditea da. Horretarako tuper berrerabilgarriak erabiltzera animatzen zaitugu. Etxean dituzun tuperrak erabil ditzakezu edo kanpaina honen baitan udaletxean euro baten truke lortu ahal izango duzu zure tuperra. (Udaletxeko harreran eskuratu daitezke, ordutegia: 9:00 – 14:00).
Kanpaina hau Irurako Ikastolako ikasleek proposatu zuten 2016ko Eskola Agenda 21 programaren baitan, beraz, zorionak eta esker onak eman nahi genizkieke.
Animatu eta parte hartu!