Haurreskola gainean, erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzako bilgune berria
2023·03·31
2020eko udazkenean egindako hiru udal-eraikinen inguruko partaidetza prozesuan horrela erabakita, haurreskolako lehenengo solairuan erabilera anitzeko espazioa eta elkarteentzako bilgune berria eraiki da.
Herrigintzaren arloan, kultura zutabe nagusietakoa dela begi-bistakoa da. Iruran lanean diharduten elkarteei esker, gero eta handiagoa eta anitzagoa da kultur eskaintza. Guztien arteko elkarlana sustatzeko ipini zen martxan Kultur Mahaia.
Irura herri bizia izatea da partekatzen dugun helburu nagusia, bakoitza bere autonomiatik, baina norabide berean. Udalaren ardura da elkarlan hori sustatzea eta bultzatzea. Beraien jardunerako beharrezkoa duten laguntza ematea ezinbestekoa da Udalarentzat, izan baliabide ekonomiko zein materialak. Kasu honetan, elkarte hauentzat bilgune izango den espazio berria eraiki da haurreskola gaineko solairuan.
Espazioaren diseinuak hainbat erabilera anitz izatea ahalbidetuko du. Halaber, zenbait kirol praktikatzeko (yoga, mindfulness,..) gune egokia izango da, isiltasuna eta lasaitasuna bermatzen dituelako.
Obrak 136.071 euroko kostua izango du eta Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuaren laguntza jaso du (54.429 euro).