Eduki publikatzailea
Atzealdea Festetako egitarauaren aurkezpen ekitaldia
2024·09·13
Iraila badoa aurrera, eta Irurako jaiak iristear daude. Datorren ostiralean lehertuko da txupina, egitarau oparoa martxan jarriz. Atzo egin zen jaien aurkezpena, San Migel plazan bertan.
Gorka Murua alkateak eman zion hasiera ekitaldiari, eskerrak emanez: "Sei egunetako egitaraua dugu, eta sei egun horiek antolatzeko, aurreko lan handia dago. Kultur Mahaieko kide guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, egindako lan horregatik. Egitarau zabala prestatu dute, adin guztietako pertsonez gozatu ahal izango dutena. Bestalde, eskerrak Itxaso Yeregui gazte irurarrari, egitarauko azala egiteagatik. Iraganari keinua egiten dio azalak, oraina eta lehenaren arteko jolasa eginez. Jaiak adin guztietako herritarrentzat direla adierazten du".
Ttipi-ttapa taldeko kideek jaurtiko dute aurten txupinazoa. "Eskerrrak eman nahi dizkiogu jai batzordeari gurekin gogoratzeagatik eta honela Tipi tapa programa herrian ezagutarazteko aukera emateko aukeragatik. Adinekoak osasuntsu egoteko programa da. Hilean behin elkartzen gara ibilalditxo bat egin eta hamaiketakoa egiteko. Ariketa egiteaz gain, jendearekin egon, jende berria ezagutu, eta gustora egoteko balio digu. Hemendik, Irurako adinekoan gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, sanoa eta pozgarria delako. San Migeletan ondo pasatzeko gonbita luzatu nahi dugu, alaiak eta errespetuzko jaiak izan daitezen saiatuko gara denok elkarrekin", azpimarratu zuen Mari Paz taldekideak.
Kultur Mahaiko kideek aletu zuten ondoren egitaraua. Adin guztietako herritarrek izango dituzte eurentzat pentsatutako ekitaldiak.