Emakumeen ibilbidea
2021·07·09
Udalak Irurako emakumeen memoria historikoa bilduko duen ibilbidea osatuko du, parte hartze prozesu baten bitartez. Proiektua aurkezteko lehen bilera uztailaren 20an izango da, 19.00etan, gela borobilean.
Farapi izeneko enpresak gidatuko du parte hartze prozesu hau eta herritar guztiak daude bertan parte hartzera deituta. Irura Moretuz Talde Feministak ezinbesteko papera izango du, bere partaideak izango baitira, prozesuan parte hartzen duten herritarrekin batera, ibilbideari forma eta edukiak emateaz arduratuko direnak.
Proiektu honek urteetan Irurako emakumeek egindako lana azaleratzeko balioko du, besteak beste. Gehienetan, ezkutuan eta dokumentatu gabe geratzen den belaunaldi desberdinetako emakumeen jarduna herrira zabalduko da herrian zehar egindako ibilbide honi esker. Herriari egindako ekarpenaren aitortza eta emakumeon ahalduntze bidean ezinbesteko proiektua izango da, beraz.
Udaletik herritar eta eragile guztiei dei egiten diete bertan parte hartzera. Parte hartu ahal izateko, gonbidapen eskaera egin beharko dute www.irura.eus orrialdeko agenda atalean.
Oharra: Uztailaren 20ko bilerarako zaintza zerbitzua egongo da eta honen erabilera egin nahi izanez gero Irurako kultura bulegoan eman izena.