Elkartasuna Sahararekin
2022·01·25
Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak gara. Dakizuen moduan gure helburua Saharar Herriarekiko elkartasuna da.
Saharar herria azken 47 urtetan zehar zatiturik aurkitzen da: batzuk saharar errefuxiatu kanpamentuetan (hemen biziraun izateko kanpo-laguntza behar- beharrezkoa da), beste batzuk lurralde okupatuan (Marokoko erregimenak okupaturik duen Mendebaldeko Saharan bizirauten duten sahararrak elkartasun politikoa behar dute) eta beste batzuk lurralde askatuetan (Frente POLISARIOaren eskuetan dagoen lur zatian, orain dela urte bete baino gehiago berriro ere gerra piztu den zatian). Ezin ahaztu ditzakegu diasporan bizi diren sahararrak ere.
Gure elkartea, 2000. urtean sortu zen saharar herriari laguntzeko gogoz. Urte guzti hauetan proiektu ugari jarri ditugu martxan: elkartasun bilketak, haurren harrera programak, maiatza borrokan bezalako jardunaldiak (hitzaldiak, bideo proiekzioak, erakustaldiak, erresistentzia haimak…).
Orain BILKETA egiteko garaia iritsi da, otsailak 4 arte lekaleak, hegaluzea eta sardiñak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haurrentzat eta helduentzako pixaohialak eta eskola materiala bilduko ditugu. Otsailak 7 eta 8an elkarteko kideok pasako gara bildutakoa jasotzera, eta dena antolatu ondoren lehen bait lehen saharar errefuxatu kanpamentuetara bidaliko dugu, han biztanleen artean banatu dezaten.
Mila esker aldez aurretik
Tolosaldea Sahararekin elkartea