Eduki publikatzailea
Atzealdea Ekainaren 13an egingo da hurrengo parte-hartze saioa
2024·06·06
Parte-hartze prozesua martxan da Iruran eta, asteotan, saio irekiak egingo dira. Maiatzaren 16an egin zen lehena, eta ekainaren 13rako dago aurreikusia hurrengo saioa.
Hurrengo hamar urteetako Irura irudikatzea, da parte-hartze prozesuaren helburu nagusa. Herri ereduaren inguruko gogoeta egin eta ibilbidea definitzea. Herritar guztiekin egin nahi da prozesu hau, uztaila-iraila bitarte. Erronkak definitzean, horiek lortzeko ekintzak izendatuko dira eta horiek burutzea izango da uztailetik aurrerako lana.
Beste helburu batzuk ere baditu parte-hartze prozesuak: Herritarrak ahaldundu eta inplikatzea, herri-ereduaren inguruan hausnartzea, herriarekiko atxikimendua indartzeko urratsak ematea, inklusio eta berdintasun maila handitzea…
Maiatzaren 16an egin zen lehen parte-hartze saioa. Parte hartzeko gogoz, ilusioz, gerturatu ziren herritarrak. Dinamikarekin hasi aurretik, Gislamen egindako azterketaren berri eman zen eta herrian egin diren 10 elkarrizketen inguruko datu batzuk ere eman ziren. Esaterako, Irurako biztanleriak azken hamar urte hauetan izan duen gorakada azpimarratu zen.
Ondo joan zen parte hartze saioa. Parte-hartzaile bakoitzak bere kezkak eta proposamenak azaltzeko aukera izan zuen. Zenbait multzotan bil daitezke bertan azaldutako gai nagusiak:
- Herria zaintzearen beharra.
- Zibismoa eta herritar kontzientzia lantzea.
- Denda ezberdinen premia.
- Herri bizia eta euskalduna izatea.
- Komunitate kontzientzia duen herria.
- Iritsi berriei HARRERA egitea (zerbitzuen berri eman, gonbidapenak prestatu, espazioak, kultur trukaketak…
- Espazioak oinezkoentzat.
- Etxebizitza sozialak.
- Zaintza.
- Hezkuntza.
- Etorri berriei azaldu eta informazioa eman. Zailtasunak identifikatu.
- Herritartasuna landu.
Saioaren balorazio positiboa egin zuten gerturatu zirenek. Saioa aberatsa iruditu zitzaien, eta etorkizuneko erronken inguruko hausnarketa egiteko bidea eman zien.
Ekainaren 13an egingo da hurrengo saioa, 18:00etan hasita, udaletxeko Ganbaran.