Eduki publikatzailea
Atzealdea Badator Korrika!
2026·03·10

Korrika euskararen aldeko ekimen erraldoi eta herrikoia da, Euskal Herria zeharkatzen duena, eta bi urtean behin egiten da.
Aurtengo Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen eta martxoaren 29an amaituko da Bilbon. Guztira, 11 egunez eta gauez Euskal Herria zeharkatuko du gelditu gabe, zazpi lurraldeetatik igaroz.
Iruratik martxoaren 23an igaroko da, 23:30ean.
Egun berean egingo da Korrika Txikia ere. Haurren Korrika da, eta herriko ikastetxeen laguntzarekin herria zeharkatzen du, haurrek ere Korrikan parte hartzeko aukera izan dezaten. Iruran martxoaren 23an izango da, 15:15ean, Irurako Ikastolatik Anoetako zubira.
Korrika bakoitzean euskararen aldeko konpromisoagatik nabarmendu diren lagunak, taldeak edo eragileak omentzen dituzte. Aurtengo Korrikan Errigora omenduko dute, Nafarroa hegoaldeko ekimen herritarra, euskara eta bertako elikagaiak sustatzea helburu duena, auzolanean arituta.
Aurtengo Korrikaren leloa Euskara gara da. Horrekin adierazi dute hiztun guztiak garrantzitsuak garela eta denon artean euskararen herria osatzen dugula.
Korrikari buruzko informazio gehiago: https://www.korrika.eus/eu/
