Eduki publikatzailea
Atzealdea Aparkalekuen inguruko jokabide arduratsua izan dezagun
2025·01·29

Hainbat herritarrek kezka azaldu du herrian aparkatzeko leku gutxi dagoela eta. Beste zenbait herritar haserre azaldu dira Irurako kaleetan autokarabanak eta antzekoak ugaritzen ari direlako eta beste ibilgailuei tokia kentzen dietelako. Udalak ESKUORRI bat prestatu du, zenbait argibide eta gomendio zabaltzeko.
Udalak herriko ibilgailuen errolda eta aparkatzeko lekuak aztertu ditu eta argi dago aparkatzeko nahikoa leku badagoela. Honenbestez, ondorioztatzen da herritar batzuk ez dituztela garajeak erabiltzen.
Autokarabana eta antzeko ibilgailuen gaiari lotuta, esan beharra dago 3.500 kilo edo gutxiagoko pisua dutenak turismoen sailkapen berdinean sartzen direla. Ondorioz, gaur egun indarrean dagoen Trafiko Araudiaren arabera, eskubide berdina dute herriko kaleetan aparkatzeko, betiere ez badute oztoporik sortzen.
Udala autokarabanentzako aparkalekua eraikitzeko gune baten bila dabil. Udalaren jabetzako lursailek ez dute horretarako aukerarik ematen eta lursail pribatu bat behar da horretarako. Momentuz ez da lortu.
Gomendioak eta betebeharrak
Ibilgailua garajean sartu, horretarako eraikitako espazioak dira.
Debekatua dago espaloi eta oinezkoen guneetan aparkatzea. Oinezkoen segurtasuna arriskuan jartzen du, kasu batzuetan errepidean sartzera behartuz eta gainera, gainera, zorua hondatu egiten da.
Errespetatu 10 minutuko aparkalekuak. Inguruko komertzioetan erosketa egin ahal izateko pentsatuta daude.
Irura herri txikia da eta bertako ibilbideetan oinez edo bizikletaz mugitu. Osasuntsuagoa da eta ingurumenak ere eskertuko digu. Heldua bazara eta bizikleta edo patinete elektrikoaren erabiltzaile, errepidean barrena ibili, espaloiak oinezkoentzat dira eta.
Autokarabanak edota furgonetak modu egokian aparkatu beste erabiltzaileei oztoporik egin gabe. Beti leku berean aparkatzeko erabiltzen diren trikimailuak, plaza hori pribatu bezala erabiliz, legez kanpokoak ez badira ere, bizikidetzarako ez dira egokiak.
San Migel Plaza, oinezkoen gune
2025an hasi eta 2026 urte hasieran amaituko dira plaza oinezkoen gune bihurtzeko lanak. Aurrerantzean, beraz, ezingo da bertan aparkatu. Plaza oinezkoentzako gune bihurtzearen helburua guztiok segurtasunez ibili ahal izatea da, eta neurria haurrengan dago bereziki pentsatuta.