Eduki publikatzailea
Atzealdea Aho osasuna
2024·07·11
UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle talde bat: "% 100 aho-hortzen osasunarekin konprometituta" ekimena dinamizatzen ari da. Helburua da hainbat eragile eta gizarte-talde informatzea/motibatzea/inplikatzea haur eta gazteen eta, oro har, herritarren aho-hortzen osasuna hobetzeko.
Haurren Hortzak Zaintzeko Programara (PADI) urtero egiten diren doako berrikuspenen kopuruan EAEn etengabe behera egin duela ikusteak sortutako kezkagatik sortu da ekimena.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun Sailak aho-hortzetako doako arreta eskaintzen die 7 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei. Arreta horrek ahoaren urteko doako berrikuspena barne hartzen du, eta, beharrezkoa izanez gero, prebentziozko esku-hartzeak (hortz-pitzadurak zigilatzea, garbiketa, aho-hortzen osasun-hezkuntza), konpontzaileak (txantxarra buxatzea), erauzketak eta pulpa-tratamenduak. Arreta hori Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren bidez garatzen da.
Azken urteotan, gazteen txantxar-mailak jaitsi egin dira, eta hobekuntza horretan PADIk ekarpen handia egin du, etxeko kontsumorako uraren fluorazioarekin eta aho-hortzen osasunarekin lotutako ohituren hobekuntzekin batera (hortzak eskuilatzea eta gozokien kontsumoa murriztea).
2023an, 75.431 izan ziren PADIra joateko eskubidea izanda, urteko doako azterketara joan ez ziren 7 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteak. Iruran, 171 haur eta gazteek erabili zuten PADI zerbitzua 2023an, eta 84ek ez. Beraz, Irurako 7-15 urte arteko haur/gazteen %67,1ak erabili zuen programa. 2018tik 2023ra %5,3ko jaitsiera izan du PADI programaren erabilerak Iruran.
2024. urte honetan geratzen diren sei hilabeteetan, arazo honen hobekuntza orokorra, oso garrantzitsua, lor daiteke. Gure haurrek eta gazteek beren aho-hortzen osasuna ondo zainduko duen gizartea merezi dute.