Web edukia bistaratu
Berriak
Atzealdea

28 enpresa sortu dira 2021ean, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin

Tolosaldea Garatzenen Ekintzailetza Sailak joan den urteko balantzearen berri eman du.

2022·02·09

Tolosaldea Garatzenen Ekintzailetza Sailak joan den urteko balantzearen berri eman du: 127 pertsonari eman zien arreta urte osoan zehar, eta pertsona horiek aurkeztutako 36 enpresa proiektu aztertu zituen, bideragarritasun azterketa sakonak edo oinarrizko azterketa ekonomiko-finantzieroak eginez.

Aztertutako proposamen horietako 28 jarri ziren martxan garapen agentziaren laguntzari esker, eta beste bik aurtengo lehen hiruhilekoan emango dute alta. Hortaz, horrek esan nahi du artatutakoen %22ak jarri duela martxan bere enpresa ekimena.

28 enpresa sortu arren, 32 izan dira ekintzaileak, enpresa batzuk Sozietate Mugatu edo Ondasun Erkidego gisa sortu baitira. Ekintzaile horien profilari dagokionez, honako datu hauek azpimarratu daitezke:

  • 39 urteko batez besteko adina: 23 urtetik hasi eta 53 urtera arteko adin tartea izan dute ekintzaileek. 50 urtetik gorako bi pertsona izan dira, eta 25 urtez azpiko 3.
  • Generoa: parekotasuna da nagusi, 17 gizonezko eta 15 emakume.
  • Ikasketak: ekintzaileen %48k formazio ertaina du, eta %39ak goi mailakoa.
  • Lan esperientzia: Guztiek izan dute aurretik, besteentzako lan eginez.
  • Tolosan sortu da enpresa gehien, 15 guztira.

Milioitik gorako inbertsio metatua

28 proiektu horiek abian jartzeko guztira egin den inbertsioa 1.095.616,48 eurokoa izan da, proiektu bakoitzeko 39.129,16 euro, batez beste. Horrek, zuzeneko 48 lanpostu sortu ditu, batez beste enpresa bakoitzeko 1,7 lanpostu, alegia.

Inbertsioaren gehiengoa talde sustatzaileen ekarpen propioa izan da: 670.616,48 euro, %61,2. Gainerakoa, finantza erakundeetatik eskuratutako maileguei esker egin ahal izan da: 425.000 euro inguru.

Enpresen jarduera esparrua

Honakoa da enpresen sailkapena, jardueraren arabera:

  • Osasun zerbitzuak: fisioterapia zentroa, masaje zentroa, estetika zentroa, psikologia, psikoterapia, coach pertsonal zerbitzua.
  • Merkataritza: loredenda, arropa denda, bizikleta salmenta, bitxitegia, produktu kosmetiko naturalen salmenta.
  • On-line salmenta: osagarriak, arropa…
  • Autokarabanen alokairua.
  • Zerbitzuak enpresentzat: aholkulari juridikoa, ingenieritza zerbitzuak, komunikazio eta disenatzaile grafikoak, trafiker digitala, ofizina tekniko zerbitzua metal sektorerako, instalazio eta mantenimendu zerbitzuak.
  • Ostalaritza: Ostatua, Taberna, eramanteko janaria...

Tolosaldea Garatzenek doako informazio- eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzen du, eskualdean enpresa ekimen berriak hasteko interesa duten herritarrentzat, bideragarritasun eta finantziazio aukerak landuz. Interesa izanez gero:

  • 943 654 501 telefono zenbakira deitu deitu
  • zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzi
  • Lehiberri Zentrora gerturatu.