Eduki publikatzailea
Atzealdea Gaur abiatuko da aurrekontu parte-hartzaileetarako proposamenak aurkezteko aukera
2024·05·06
2024. urtean 30.000€ erreserbatu dira herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko. Aurkeztutako proiektu hauek iruratarren interes orokorrari erantzun beharko diote.
Iruran erroldatuta dagoen eta 16 urte bete dituen edozein herritarrek edota erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab) garatzen duen pertsonak egin ditzake proposamenak. Proiektu hauek aurkezteko epea gaur zabalduko da eta irekita egongo da maiatzaren 20ra arte. Honako bideak erabili ahal izango dira:
- Udaleko harrera bulegoan aurkeztuta (9:00-14:00).
- Irurako udalaren webgunean online formularioa beteta.
- APPko parte hartze atalean formularioa beteta.
- 3rako Ostatuan jarriko den postontzian.
Informazio osoa eta formulariotako sarbidea: HEMEN
Proposamenak Irurako Udalera bidali ostean, tekniko eta talde politikoen ordezkariez osatutako mahai batek proiektu bakoitza aztertu eta balorazioa egingo du. Proposamenei oniritzia emateko hurrengo irizpideak erabiliko dira:
Interes publikoari erantzutea, ez interes pribatuari.
Udalaren konpetentzia izatea.
Teknikoki bideragarria izatea.
Aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea.
Inbertsio motako proposamena izatea.
Mahai honek erabakita, oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera igaroko dira. Era berean, eta mahai honek hala erabakita, udaleko sail ezberdinek proposatutako proiektuak ere igaro daitezke botazio fasera.
Balorazio mahaiaren emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute. Proiektu hauen gaineko azken erabakia bozka bidez ebatziko da.
Ekainaren 11tik 16ra egongo da bozkatzeko aukera, proposamenak aurkezteko erabili diren bide beretatik.
Bozketako emaitzak lotesleak izango dira Udalarentzat, eta boto gehien lortu dituen proiektua exekutatu beharko da derrigor.