Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ez gaude inor epaitzeko, salatzeko edo zelatatzeko; jendea ezagutu nahi dugu, haiekin harremana eraiki eta behar gaituztenean hor egon”

Kalexka

2026·07·27


Kalexka esku-hartze soziohezitzaile eta psikosozialerako elkartea da, eta Irurako Udalak gizarte-zerbitzuen arloan eskaintzen duen zerbitzuetako bat da. Adingabeekin, familiekin eta helduekin egiten dute lan, prebentzioa, arreta goiztiarra eta komunitate-lana oinarri hartuta. Beatriz Hernandez koordinatzaileak eta Mikel Elorriaga zein Amaia Salsamendi hezitzaileek Kalexkaren jardunaren oinarriak, eguneroko lana eta herritarren ondoan betetzen duten eginkizuna azaldu dituzte ondorengo elkarrizketan

Lehenik eta behin, zer da Kalexka? Zertan aritzen zarete?

Beatriz Hernandez: Kalexka esku-hartze soziohezitzaile eta psikosozialerako elkartea da. Gure lana ez da pertsona jakin batzuekin esku hartzera mugatzen; komunitate mailan ere jarduten dugu, prebentzioaren ikuspegitik eta herriko eragileekin elkarlanean.

Adingabeekin, familiekin eta helduekin egiten dugu lan, bakoitzaren beharretara egokitutako esku-hartzeen bidez. Banakako eta taldeko esku-hartzeak egiten ditugu, baita familiekin ere.

Zein dira zuen lanaren helburu nagusiak? Zer eskaintzen diezue Irurako (eta Anoetako) herritarrei?

Mikel Elorriaga: Gure helburu nagusia prebentziotik eta arreta goiztiarretik lan egitea da, egoerak okerrera joan aurretik esku hartu ahal izateko.

Horretarako, hainbat esparrutan jarduten dugu. Kale-hezkuntza egiten dugu —hortik dator Kalexka izena—, eta kalean bertan egoten gara herritarren errealitatea ezagutzeko, egoerak antzemateko eta beharrei erantzuteko. Horrez gain, ikastetxeekin elkarlanean prebentzio-tailerrak egiten ditugu, eta, beharrezkoa denean, familiei nahiz pertsonei banakako arreta ere eskaintzen diegu, haien egoera hobetzen laguntzeko.

Nortzuk dira zuen zerbitzuen hartzaileak? Zein pertsona edo talderekin egiten duzue lan?

Mikel Elorriaga: Gure zerbitzuen hartzaileak askotarikoak dira: adingabeak, helduak, familiak eta taldeak. Hala ere, lehenesten ditugu adingabeen eta nerabeen ongizatera bideratutako esku-hartzeak.
Esku-hartze zuzenak egiteaz gain, prebentzioaren eta sentsibilizazioaren arloan ere jarduten dugu; esaterako, pantailen erabilerari buruzko gida bat prestatu dugu gurasoentzat, bideo-forumak antolatzen ditugu, eta ikastetxeei nahiz beste eragile batzuei aholkularitza-saioak eskaintzen dizkiegu.

Beatriz Hernandez: Gure helburu nagusia pertsonen eta familien egoera pertsonala nahiz familiarra hobetzen laguntzea da, edo, gutxienez, hobekuntza bidean bidelagun izatea. Horretarako, bakoitzaren beharretara egokitzen ditugu esku-hartzeak, pertsonen, familien eta taldeen ezaugarriak nahiz egoerak abiapuntu hartuta. Ikuspegi orokor batekin jarduten dugu, eta alderdi pertsonalak, sozialak nahiz psiko-emozionalak hartzen ditugu kontuan.

Zein profesionalek osatzen duzue Kalexkako taldea, eta zer eginkizun dituzue?

Beatriz Hernandez: Lantaldean bi hezitzaile daude, eta haien gain dago lanaren zatirik handiena. Esku-hartze zuzenak egiten dituzte, prebentzio-ekintzak eta sentsibilizazio-saioak antolatzen dituzte, eta kale-hezkuntzan ere presentzia handia dute. Biak lanaldi murriztuan aritzen dira, baina eguneroko jardunaren pisu nagusia eurek hartzen dute.

Horrez gain, psikologo bat ere badugu, ordu kopuru txikiagoarekin, eta esku-hartze zuzenetan jarduten du.

Ni koordinatzailea naiz. Kudeaketa-lanez arduratzen naiz, eta, beharrezkoa denean, egoeren balorazio sakonagoa ere egiten dut.

Noiztik ari zarete lanean, eta nola egin du bilakaera zuen lan egiteko moduak urte hauetan?

Beatriz Hernandez: Egitasmoa 2024ko urrian jarri zen martxan. Lehen fasean, Irurako eta Anoetako behar sozialen diagnostikoa egin genuen, eta lan hori 2025eko otsailean amaitu zen. Hortik aurrera, pixkanaka, esku-hartze zuzenekin hasi ginen.

Hasierako hilabeteetan kale-hezkuntzari eman genion lehentasuna, herrietan hezitzaileen eguneroko presentzia bermatzea ezinbestekoa iruditzen baitzaigu. Denborarekin, gizarte-langileek egoera desberdinak partekatu dituzte gurekin, eta, horri esker, pixkanaka orekatu dugu lanaren antolaketa, bai esku-hartzeen artean, bai gizarte-langileekin egiten dugun elkarlanean.

Gure zerbitzua udaleko gizarte-zerbitzuen sailaren barruan dago, eta hasieran egokitzapen-fase bat izan zen guztiontzat. Gaur egun, ordea, uste dut aurrerapauso esanguratsuak eman ditugula, eta gizarte-langileekin egiten dugun lanketa bateratua ondo egituratuta dagoela.

Zein balio edo filosofia daude zuen eguneroko lanaren oinarrian?

Amaia Salsamendi: Pertsona da gure lanaren ardatza. Pertsonen egunerokoan eragin nahi dugu, baina beti kontuan hartuta haiek direla beren prozesuaren protagonista. Guk bidelagun izan nahi dugu, bai banakako esku-hartzeetan, bai taldekoetan eta baita komunitate mailan ere. Laguntza eta tresnak eskaintzen ditugu, baina pausoak eta aldaketak pertsona bakoitzak egin behar ditu. Horretarako, ezinbestekoa da haien beharrak eta nahiak entzutea eta gure ezagutza haien zerbitzura jartzea.

Beatriz Hernandez: Garrantzitsua da azpimarratzea gure lana ez dela pertsona jakin batzuetara mugatzen. Pertsonak komunitate baten parte dira, eta, horregatik, komunitatean ere eragin nahi dugu. Ez dugu norabide bakarreko esku-hartzerik egiten; hainbat eremutan jarduten dugu, pertsonaren ingurunea ere prozesuaren parte dela ulertzen dugulako.

Mikel Elorriaga: Herri txikietan lan egiteak baditu bere berezitasunak. Gu kalean gaude, eskolan, familiekin... Horrek aukera ematen digu pertsonak testuinguru desberdinetan ezagutzeko eta haiei ikuspegi zabalago batetik laguntzeko. Herri txikien indarguneetako bat hori da: komunitatearentzat lan egin daitekeela komunitatetik bertatik.

Askotan ez da ikusten egiten duzuen lana. Zein da jendeak Kalexkari buruz jakitea nahiko zenuketen gauza bat?

Beatriz Hernandez: Nahiko genuke herritarrek jakitea pertsonen eta familien ondoan gaudela, haien egoera pertsonala nahiz familiarra hobetzeko bidean bidelagun izateko.

Mikel Elorriaga: Kale-hezitzaile gisa, argi utzi nahiko nuke ez gaudela inor epaitzeko, salatzeko edo zelatatzeko. Jendea ezagutu nahi dugu, haiekin harremana eraiki eta behar gaituztenean hor egon. Eta, batez ere, laguntza behar duenak jakin dezala guregana jo dezakeela.

Amaia Salsamendi: Batzuetan, pertsona batek laguntza behar izaten du, baina ez daki nora jo. Horrelakoetan, guk zubi-lana egin dezakegu. Herriko beste eragile bat gara, baina pertsonak behar duten laguntza aurkitzen laguntzeko aukera ere badugu.

Iruran, zein erronka edo behar ikusten dituzue gaur egun gehien, eta zer mezu helarazi nahi zeniokete herritarrei?

Mikel Elorriaga: Herri txikietan lan egiteak baditu bere erronkak. Denok ezagutzen dugu elkar, eta, batzuetan, aurreiritziak edo etiketak sortzen dira. Horregatik, gure erronka nagusietako bat herritarrek benetan ulertzea da nor garen eta zein den gure egitekoa.

Beatriz Hernandez: Denborarekin hori lortuko dugula uste dut.

Mikel Elorriaga: Horregatik saiatzen gara herritarren artean egoten. Azken batean, pertsonak gara, eta jendeak gu ezagutzea nahi dugu.

Beatriz Hernandez: Gure zerbitzuaren helburua laguntza behar duen orori laguntzea da, eta ez beste ezertarako.

Informazio praktikoa

Kalexkaren zerbitzua Irurako Udaleko gizarte-zerbitzuen sailaren barruan dago. Orientazioa edo laguntza eskatu nahi duen herritarrak udalerriko erreferentziazko gizarte-langilearekin jarri beharko du harremanetan. Horretarako, 943 69 13 33 telefono zenbakira deitu dezake.

Navigation Menu

Navigation Menu