Web edukia bistaratu

Gurasoentzako transmisio kanpaina

Haur txikia mundura ekarri duzuen gurasooi honako mezua ematen dizuegu haurra erregistratzera zatoztenean:

"Haurra jaio den unetik beretik, behar dituen maitasuna eta babesa emango dizkiozue. Horrekin batera, hizkuntza ere bai, zuen hizkuntza, haurraren sentimenduen hizkuntza, zuekin eta familiako beste kideekin komunikatzeko hizkuntza.

Haurrari euskaraz egin eta zuen artean ere hala eginez gero, gure hizkuntzarekin betiko lotura sendoa edukiko du.

Haurra hazi ahala, etxeko txokotik atera eta eskolara joango da, kirola dela, musika dela, lagun taldea dela, beste haur eta nagusi batzuk inguruan edukiko ditu, eta hor ere komunikatzeko bere hizkuntza erabiliko du. Zenbat eta leku gehiagotan eduki euskaraz hitz egiteko aukera, orduan eta hobeto erabiliko du edozein egoeratan, eta gaitasun handiagoa edukiko du euskaraz bizitzeko. Eta, etorkizunean bere hizkuntzaren jabe izateko ez ezik, beste hizkuntza batzuk ikasteko ere oinarri sendoa jartzen arituko zarete.

Zuek ere beti daukazue aukera dakizuen euskara hori hobetzeko, eta horretara animatu nahi zaituztet. Interesa duzuenok udaletxeko euskara zerbitzura etor zaitezkete, eta bertan emango dizuegu aukeren berri."

Udalak bat egin nahi du gurasookin une pozgarri horretan, eta, horren erakusgarri, autoan jartzeko “Kontuz, Haurrak” pegatina eskaintzen dizuegu.